Haurtzaroa eta migratzeko erabakia
Elkarrizketatutako emakumeak 30 urte inguru daramatza Guatemalan bizitzen, Honduraseko El Paraíso de Copán-etik gertu dagoen herrixka batetik migratu ondoren. Hasieratik argi uzten du bere haurtzaroa ikaragarri gogorra izan zela.
Gurasoen tratu txarrek eta alkoholismoak zeharkatutako etxe batean hazi zen. Hamalau urte besterik ez zituela, etxetik alde egiteko erabakia hartu zuen, egoera hura jasan ezina zela jakinda. Bere patua ez zen Honduraseko beste toki bat izan, Guatemala baizik: inork aurkituko ez zuen leku batetara joan nahi zuen.
Paperik gabe mugak zeharkatzen
Hamahiru urte zituela, bortxaketa bat jasan zuen. Gurasoen sinesmen eta laguntza ezak bere ihes egiteko erabakia indartu zuen. Bakarrik, babesik gabe eta bere bizitza beste herrialde batean berregiteko determinazioz, Guatemalako muga zeharkatu zuen.
Amates-etara iristean, etsi-etsian bilatu zuen lana, baina bere adin txikiarengatik inork ez zuen kontratatu nahi izan. Azokako andre batek bere alabarengana bideratu zuen, honek, bere janari posturako laguntza behar baitzuen. Lanaren zailtasunak gorabehera — tortillak egitea, garbiketa —neska gazteak janariaren eta lo egiteko leku baten truke lana onartu zuen.
Eskubiderik gabe bizi
Lehengo lana utzi ondoren, protagonistak denbora luze bat eman zuen lan bila Guatemalako hainbat hiritan. Kanpoan egiten zuen lo, behin-behineko leku baten truke arropa garbitzen uzten zioten ezezagunen etxeen aurrean. Ustekabean, Chiquimulara iritsi zen, eta bertan jantoki batean aurkitu zuen lana, baina egunak nekagarriak ziren eta bizitza oso gogorra izaten jarraitzen zuen.
Denboraldi horretan ere, bideetan bortxaketa saiakerak eta erasoak jasan zituen. Gainera, etengabe esaten zioten hondurastarra izateagatik ez zituela eskubiderik Guatemalan. Petenetik pasatuz Estatu Batuetara migratzen saiatu zen, baina poliziak bi egunez atxilotu zuen janaririk eman gabe, ezagun batek ezagutu, askatu eta Amatese-tara itzuli zuen arte. Bertan berritik hasi behar izan zuen.
Ezkontza eta kustodia
Petenen bizitzen jarri eta urte batzuetara, elkarrizketatutako emakumea ezkondu egin zen, baina bere ezkontza-bizitza tratu txarrek, kolpeek eta etengabeko mehatxuek zeharkatu zuten. Bere mugan zegoela sentituta, laguntza psikologikoa bilatu zuen psikiatra batekin. Psikiatra horrek, prozesu terapeutiko baten bidez bere senarrarengandik banatzeko erabakia hartzeko indarra eman zion. Nahiz eta bere senar ohiak hilda agertuko zela esan, berak jada bere beldur ez zela erantzun zion.
Alabaren zaintza lortzeko lehia beste borroka fronte bat izan zen. Senar ohiaren senideek esaten zioten hondurastarra izateagatik ez zuela bere alabarekiko eskubiderik. Hala ere, epaitegian frogatuta gelditu zen gizonak, etxean ez zegoenean diru ekarpenak egin ez zituen bitartean, emakumeak berriz, ekarpenak egin zituela. Emakumeari eman zioten zaintza eskubidea eta nahiz eta gizonari berrehun quetzaleko pentsioa ordaintzera behartu, emakumeak uko egin zion berarentzat izan zitekeen edozein diru laguntzari, bera bakarrik aurrera egin zezakeela adieraziz.
Aurrera egitearen harrotasuna
Elkarrizketatuak harrotasunez kontatzen du alabaren hezkuntza-ibilbidea. Honek, Espainiaren laguntzari esker lortutako bekekin ikasi zuen: oinarrizko hiru urteko beka eta batxilerrarentzako beka erdia lortu zituen. Gaur egun, gazteak bi unibertsitate karrera egiten ditu aldi berean – UPANAn eta San Carlosen –, ikasle bikaina eta oso arduratsua izanik.
Bizipen hauen protagonistak emakume migratzaileek sufritzen dituzten estigmak salatzen ditu, pertsona askok emakume hauek automatikoki prostituzioarekin lotzen dituztela aitortuz. Berak denak horretara ez datozela aldarrikatzen du, eta egiten dutenek, agian, beharragatik eta aukera ezagatik egiten dutela esaten du. Aurreiritzien aurrean, duintasun eta erresistentzia mezua ekartzen digu.